XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zakurraren muturra

Behin batean, Pernando amezketarra bazihoan ba bide batean barrena, eta gizon ondo jantzi bat, orain baskuentzez kaballero deitzen den horietako bat, bere zakurrarekin arkitu zuen.

Alderatu zenean, gizonak ez zion zaunkik egin; zakurrak ere ezer esan ez.

Hau da, ez batak eta ez besteak ez zioten egun onik eman.

Baina zakurra alderatu zitzaion, braka zaharrak usaindu zituen eta atzeko hanka altxatzen hasi zen.

Orduan, Pernandok zakurra uxatu zuen esanaz: - Hoa hemendik, nagusiaren mutur horrekin.

Ordurarte isilik egon bazen, jaun hark bazuen orduantxe zer esana.

Haren ahotik Pilatosen ahotik baino zitalkeria zorrotz, min latzagoak atera ziren.

Ez hori bakarrik; handik egun gutxira, epaikari aurrera deitu zuen Pernando.

Baxo erdi bat edateko garaia izango zen aldera, epaikariaren aurrean bildu zirenean, kaballero izeneko hura bere zakurrarekin eta Pernando txakur txiki bat ere gabe.